XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Greba bertan behera geratu da, hiru hilabetez lanik egin gabe egon ondoren

Daewooko langileak etzi itzuliko dira lanera, enpresarekin akordioa lotu ostean

Langileen batzarrak onetsi egin du UGTk eta LABek enpresarekin sinatutako akordioa

Datozen hiru urteetarako lan hitzarmenean, KPI gehi %4ko igoera finkatu dute soldatetan

ELAk ez du sinatu beste sindikatuek hitzartutakoa, igoera nahikoa ez dela iritzita

Daewooko langileak astelehenean itzuliko dira euren lanpostuetara, atzo LAB eta UGT sindikatuek eta enpresaren ordezkariak hiru urtetarako lan hitzarmenaren inguruko akordioa sinatu ondoren.

ELA sindikatuak ez zuen testua sinatu.

Langileen batzarrak akordioa berretsi zuen arratsaldean.

Asanblean parte hartu zuten 95 langileetatik, 58k onetsi zuten testua, eta 35k kontra bozkatu. Bi boto zuri izan ziren.

Akordioaren arabera, soldatan KPI gehi %4ko igoera adostu zuten langile guztientzat hiru urtetarako.

Horrekin batera, 30.000, 40.000 eta 80.000 pezetako pagak aurreikusten dira lan hitzarmenak irauten duen hiru urteetarako.

Pagak enpresaren emaitzen araberakoak izango dira.

Horrez gain, urtea amaitu aurretik langile guztiek kontratu finkoa izango dute.

Langile berriak kontratatzean, berriz, zortzi hilabeteko proba epea izango da.

Lan astea 36 ordura murriztuko da.

Hala, 2000. urtean 1.755 lan orduko egingo dituzte, 2001ean 1.743 ordu, eta 2002an 1.730,5.

Ordu estrei buruz, Lan Harremanen Kontseiluan adostutakoa kontuan izango da.

UGT eta LAB sindikatuak, pozik

UGT eta LAB sindikatuek positibotzat jo zuten akordioa.

LABeko ordezkari Joseba Ortiz de Lejarazuk adierazi zuenez, akordioa oso ona da, orokorrean gure helburuak lortu ditugulako, arlo sozio-laboralean; laneguean zein soldata igoeran.

Hiru hilabeteko greban langileek erakutsitako jarrerarekin ere pozik azaldu zen: Langileek tinko iraun dute, eta horren ondorioz akordiora heldu gara

Jose Juan Portillo UGTko ordezkariak ere langileen jarrera goraipatu zuen.

Prekaritatearen kontrako eta langile gazteen aldeko defentsaren adibidea izan da greba, nabarmendu zuen.

Akordioa ere ontzat jo zuen.

Haren ustez, amaiera ematen dio enpresan korearrek ezarritako egoera irregularrari. Esplotazioari eta eskubiderik gabeko egoera bati amaiera eman dio akordioak eta, modu horretara, lan baldintzak erregularizatu dira.

ELAk erabakia beteko duela jakinarazi zuen atzo, baina ez dator bat lortutako hobekuntzekin.

Bi arrazoi nagusi ditu ELAk akordioa ez izenpetzeko.

Batetik, uste du soldataren igoera txikia dela, eta 80.000 pezetako pagak hurrengo urteetakoak ez dituela bermatzen iritzi dio.

Soldata igoera nahiko pobrea da, hiru hilabeteko greba egin ondoren, adierazi zuten ELAko ordezkariek.

Hori dela eta, greba ez dela beharrezkoa izan deritzote. Bestetik, ELAren aburuz, Daewooko langileen lanorduak ez dira parekatzen sektoreko enpresetakoekin, eta gainera, hogei minutuko atsedena hartzera behartzen gaituzte.

Galerak berreskuratzeko asmoa

Sinatze ekitaldiaren ondoren, Daewooren Giza Baliabideetako Gasteizko zuzendari Eduardo Sanchezek hiru hilabeteko grebaldian izandako ondorioak nabarmendu zituen, eta galdutako ekoizpena eta bezeroak berreskuratu beharra azpimarratu zuen.

Ekoizpena galdu dugu hiru hilabetetan, eta genituen planak berraztertu beharko ditugu. Orain hasiko gara galeren kalkuluak egiten, ohartarazi zuen Sanchezek.

Dena dela, enpresaren ordezkariak esan zuen akordioa alde guztientzat ona dela.

Bestalde, Duina Ikasleen Koordinadorak bat egin du Daewooko langilen grebarekin, eta haien borroka eredugarritzat jo ikasleentzat.